XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nazionalismoa positibotzat agertzen da, iraultzaileen monopolio haizu bezala.

Bideari jarraiki, kanpoko gerren denboretan aldarrikatuko dira ozenki lehen aipatu ditugun nazionalismoaren osagarri mitikoak (hau da, muga naturalak eta galiarren mitoa).

Eta iraultzaren etsaiak oro, bestalde, atzerritarrak ez direnean, traidore bezala salatzen dira.

Afera argia da: estranjeroen kontra borrokatzen denean, nazioaren aurka aritzen dira gobernuaren legitimitatea onartzen ez dutenak.

Iraultzaren aurkako jarrera guztiak bahe honetatik pasatzen ziren; konplot aristokratikoaren alde ziharduten Iraultzaren etsaiak oro: zuten hobena, laidogarriena zen, traizioarena alegia.

Traiziorik gabeko naziorik ez da; eraikitze nazionalean, kanpoko eta barneko etsaiak bildu behar dira errepresentazio batu batean.

Iraultza hemendik ibiliko da.

1792an, atzerritartzat aitortzen dituzte Errege eta noblezia, eta nazioaren gorputzetik at lagatzen.

Laster, kanpoko gerra dela eta, etsai atzerritarrarekin edozein konplizitate posible edo imajinario, nazioaren aurkako saldukeriatzat salatzen da.

Iraultzaren zuzendarien artean izandako liskar eta garbiketetan ere, traizioaren presentzia guztiz nabaria da; imajinario ideologiko hau herri ezfrantsesen kasuan bizi-bizia izango da.

Adibide bat emango dugu: 1793an aleman hizkuntzaren erabilera debekatzen da Altsazian (14).

Sedizioaren beldurrez erabaki zen hori, izan ere mugaz bestaldean Errepublikaren etsaiak alemanez mintzatzen bait ziren.

Baina taktika politiko-militarrak agintzen duen jarrera honetan, errealitatea modu ideologiko eta konplexu batez irakurtzen da: izaera natural eta objektiboa (herriak alemanez hitz egitea) jarrera politiko eta subjektibo batekin nahasten da (alemanez hitz eginez ulertzen dute elkar Errepublikaren etsaiek).

Ondorioz, hizkuntzak edukin politiko-subjektiboa hartzen du, eta ideologia nagusi den garai haietan, dimentsio honek garaituko du aipatu dugun egoera natural-objektiboa.

Esan nahi bait da: frantsesez mintzatzea abertzale onaren marka bilakatzen da, eta ikusmolde honek justifikatzen ditu zentralismoaren hizkuntza inposatzeko bortizkeriak.

Azken finean, Iraultzaren unibertsoan errealitateak oro subjektibitatez dira beztitzen.